Azaroaren 20tik abenduaren 4ra martxan izango da bigarren edizioa eta bertan parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik www.euskaraldia.eus webgunean.

Eneko Goia Donostiako alkateak, Ainara Vazquez Bagerako ordezkariak, Imanol Agirretxe Realeko futbolari ohiak, Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako presidenteak, Jone Laspiur aktoreak,  eta Malen Dominguez Donostiako Euskara Batzordeko ordezkariak  Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartzeko izena eman dute.

Behin entitateek parte hartzeko izen-ematea bukatu ondoren, norbanakoen txanda iritsi da. Azaroaren 19ra arte zabalik egongo da izen ematea herritarrentzat.

Eneko Goia alkateak adierazi duenez, “aurreko edizioan konturatu nintzen uste baino jende gehiagorekin eta leku gehiagotan egin nezakeela euskaraz eta aurten, berriz, bigarren edizioaren leloarekin bat egitea erabaki dut eta horixe izango da nire helburua: euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egitea”.

Ainara Vazquez, Bagera Donostiako euskaltzaleen ordezkariak aipatu duenez, “hizkuntza-ohiturak aldatzea posible da, eta era kolektiboan urratsak eginez gero, errazagoa eta atseginagoa da. Horixe erakutsi zigun 2018an burutu genuen ariketa masiboak, beraz, animatu, izena eman eta esperimenta dezagun elkarrekin”.

Izena ematerakoan bi rolen artean aukeratu behar da: ahobizi ala belarriprest.

Ahobizi izatea erabakitzen dutenek, 15 egun horietan euskaraz ulertzen duten guztiei euskaraz egingo diete. Era berean, ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diete eta ulertzeko gaitasuna dutenekin euskaraz jarraituko dute.

Belarriprest izatea erabakitzen dutenek, 15 egun horietan euskaraz dakitenei beraiekin euskaraz egitea eskatuko diete, nahiz eta hauek erdaraz erantzun. Belarriprest izateko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da.

Gaur Euskaraldian izena eman duten guztiek ariketa honetan parte hartzera animatu dituzte euskaraz hitz egiteko edo euskara ulertzeko gai diren 16 urteko (bete edo betetzear daudenak) donostiarrak. Agerraldian parte hartu dutenek familia argazkia egin dute #nikemandutizena leloa eskutan zutela.

Bestalde, izen-ematea sustatu eta Euskaraldiaren bigarren edizioari buruzko informazioa zabaltzeko asmoz, gaurko agerraldian egin den bezala, hainbat haima jarriko dira urrian eta azaroaren hasieran hirian zehar.

Izen-ematea internet bidez egitea gomendatzen da

Imanol Agirretxe (Realeko jokalari ohia)

Arazoaren 19 bitarte, Euskaraldian parte hartu nahi duten guztiek izena eman beharko dute euskaraldia.eus webgunean. Antolatzaileen esanetan, “pandemiaren eraginpean gaudenez, komeni da izena on line ematea, euskaraldia.eus web orrian alegia”. Hala ere, izena emateko kaxak ere jarriko dira Donostiako kultur etxe eta hainbat leku publikotan. ( Ikusi zerrenda bukaeran)

Izena ematen dutenek ariketa zuzen egiteko gomendioak jasoko dituzte Behin izena emanda txapak jasotzeko txanda iritsiko da azaroaren hasieran. Horretarako, aurreko edizioan egin zen eran, herritarrek izena ematerakoan aukeratutako lekuan jaso ahal izango du ahobizi edo belarriprest txapa.

Azkenik, Euskaraldiak hizkuntza ohituren aldaketan izan duen eragina neurtzeko eta ikertzeko galdetegi bat zabalduko da izena eman dutenen artean.

Donostiako 230 entitatek ariguneak eratu dituzte erabilera bermatzeko

Ur-Kirolakeko kirolariak

Aurtengo edizioan, hiriko 230 entitatek Euskaraldian parte hartzeko izena eman eta ariguneak eratu dituzte. Horri esker, entitate horietan euskaraz lasai aritzeko guneak egongo dira azaroaren 20tik abenduaren 4ra eta bertako partaideak ahobizi edo belarriprest izango dira. Antolakuntzatik gogoratu nahi izan dute entitate horietako partaideek ere izena eman behar dutela euskaraldia.eus webgunean.

 

Izena emateko eta txapak jasotzeko lekuak Donostian

  • Kultur etxeak: Aiete, Casares, Egia, Ernest Lluch, Intxaurrondo Berri Larrotxene, Loiola, Lugaritz eta Okendo.
  • Koldo Mitxelena kulturunea
  • Itsas Aurre ( Igeldo) eta Jolas Etxea ( Añorga)
  • Bagera Elkartea (Hernani kalea 15, behea)
  • Udaleko Euskara Zerbitzua ( Konstituzio plaza 2)
  • Benta Berriko Udal Kiroldegia

Oharra: Horrez gain, izena emateko mahaiak jarriko dira Loiolako Erriberan, Morlans-en eta zehazteko dauden beste zenbait lekutan.