Ariguneak
ARIGUNEAK: ZER DIRA?
Euskaraz lasai hitz egiteko modua jartzen duten lekuak dira ariguneak, bermatzen dutenak partaide guztiek ulertu behintzat egiten dutela euskara, eta, beraz, arazorik ez dela sortuko euskaraz egiteagatik. Alegia, leku horietan denek lukete gutxienez belarriprest izateko adinako euskara ezagutza.
Bi motatako ariguneak zehaztu dituzte Euskaraldirako. Batetik, barne ariguneak: leku eta talde itxietakoak. Adibidez, enpresa bateko departamentu bat: denek ulertu behintzat egiten badute euskara, aukera dute Euskaraldian talde gisara parte hartzeko —kide bakoitzak hautatuta ahobizi edo belarriprest izan—. Bi baldintza bete behar dira barne arigune bat osatzeko: batetik, euskaraz ulertzea denek, bestetik, kide gehienak behintzat ados egotea.
Kanpora begirako arigunea da bestea. Herritarrekin erlazioa duten entitateei eragingo die: saltokiei, zerbitzu publikoei, bezeroei kasu egiteko lekuei… Herritarrei begira ari diren langileek osatuko lukete arigunea, euskara ulertu gutxienez egiten dutenek: arigune izendatutako lekuetan bermatuko dute langileek euskara ulertzen dutela, eta herritarrek euskaraz aritu ahalko dutela. Supermerkatu batean izan liteke, adibidez: kutxa batzuk arigunetzat jo, eta horietan bermatu euskara ulertzen duten langileak beti.
ZEIN DA ENTITATEEN LANA?
Aurreko Euskaraldian sustatzaile soilak izan ziren entitateak: parte hartzera animatu zituzten beren kideak. Oraingoan, berriz, neurriak hartu beharko dituzte etxe barruan. Batetik, ariguneak sortzeko egokiera non dagoen jakiteko, aztertu beharko dute euskararen ezagutza nolakoa den entitate barruan. Bestetik, «zilegitasuna eta babesa» eman beharko diete ariguneetan ari diren partaideei.
Ariguneak bereziki lan arloarekin daude lotuta, kontuan hartuta hiztunek denbora egiten dutela lantokietan, eta euskararen erabilerak badituela hutsuneak. Hala ere, ariguneak osatzera deituta daude askotariko eragileak: erakunde publikoak, gizarte eragileak, kirol taldeak, elkarteak…