Irakasle eta 16 urtetik gorako ikasleentzako prestakuntza, motibazio eta aholku saioak prestatu ditugu. Egin eskaera donostia@euskaraldia.eus helbidean.

PRESTA GAITEZEN

ZERTARA GOAZ?

Euskaraldia: 11 egun euskaraz herritarren hizkuntza ohituretan eragiteko ariketa soziala da; herritarrak aktibatuz ahalbidetuko dena, euskalgintza sozialak eta instituzionalak bultzatuta.

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra, Euskaraldia 11 egun euskaraz ekimena egingo dugu Euskal Herri osoan eta, ahobizi eta belarriprest bihurtuko gara horretarako. Ahobiziak, ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten lagunak dira, eta belarriprestak, berriz, gutxienez euskaraz ulertzen duten kideak dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak. Rol bat ala bestea aukeratzeak ez du norbanakoen hizkuntza gaitasunekin zerikusirik, hizkuntza jokabide eta aukerekin baizik.

 PREST AL GAUDE?

Hizkuntza ohiturak aldatzea ez da inprobisazio lan bat. Gure harreman sareetan aldatu nahi ditugun inertziez hausnartu behar dugu eta horiek aldatzeko tresnak behar ditugu. Horregatik, trebakuntza eta motibazio saioa Euskaraldian kokatzen dugun arren, honen eragina luzera begirakoa izatea du helburu.

Euskaraldira gerturatu garen eta gerturatuko direnek hizkuntza ohiturak astindu eta ingurukoak ere horretara animatzeko prest eta trebatuta sentitzea garrantzitsua izango da. Hamaika egunak iristen direnean ahalik eta egoera gehienetan ahalik eta euskara gehien erabiltzeko eta ahalik eta erosoen senti gaitezen.

 Ikasleentzako aldaera:

 SAIOAREN HELBURUAK

Saio honen bidez, gazteek euskararekiko jarrera kontziente bat hartzea lortu nahi da. Horretaz gain, gazteei beraiek ere eragin dezaketela ikusarazi nahi zaie.

  • Hizkuntza ohiturez hausnartzeko espazio seguru bat sortzea.
  • Hamaika egunetan (eta aurrerantzean) egin nahi ditugun aldaketetan ahalik eta erosoen sentitzeko tresnak trukatu eta praktikan jartzea ariketa dinamikoen bitartez.
  • Ahalik eta ahaldundu eta motibatuen ateratzea: posible da eta merezi du!

SAIOAREN EZAUGARRIAK

Ordu eta erdi edo/eta bi orduko iraupena duen motibazio saioa da. Eskola orduetan edo eskola orduetatik kanpo egin daiteke. Ikastetxearen errealitatera egokitzeko aukera dago.

Egokiena parte hartze boluntarioa eskatzea da, interesa duten gazteekin egitea. Adibidez, Euskaraldian izena eman duten ikasleekin, euskara batzordeko kideekin edo motibazioa duten ikasleekin.

DBH 4 eta batxilergoko ikasleentzako saioak dira.

Parte hartzea, euren eguneroko hizkuntza jokaeren gaineko gogoeta, konparaketa eta kontzientzia lantzen da saioetan.

Irakasleentzako aldaera:

SAIOAREN HELBURUAK

Saio honen bidez, irakasleek euskararekiko jarrera kontziente bat hartzea lortu nahi da. Horretaz gain, irakasleek beraiek ere uste dutena baino gehiago eragin dezaketela ikusarazi nahi zaie.

  • Hizkuntza ohiturez hausnartzeko espazio seguru bat sortzea. Maila pertsonalean zein profresionalean.
  • Hamaika egunetan (eta aurrerantzean) egin nahi ditugun aldaketetan ahalik eta erosoen sentitzeko tresnak trukatu eta praktikan jartzea ariketa dinamikoen bitartez.
  • Ahalik eta ahaldundu eta motibatuen ateratzea: posible da eta merezi du!

SAIOAREN EZAUGARRIAK

Ordu eta erdi edo/eta bi orduko iraupena duen motibazio saioa da. Eskola orduetan edo eskola orduetatik kanpo egin daiteke. Ikastetxearen errealitatera egokitzeko aukera dago.

Egokiena parte hartze boluntarioa eskatzea da, interesa dutenekin egitea. Adibidez, Euskaraldian izena eman duten irakasleekin, euskara mintegikoekin edo motibazioa dutenekin.

Parte hartzea, euren eguneroko hizkuntza jokaeren gaineko gogoeta, konparaketa eta kontzientzia lantzen da saioetan.

METODOLOGIA

Metodologia parte hartzailea erabiltzen da eta  talde dinamiken bidez, sustatzen dira hausnarketa, esperientzien trukaketa, ahalduntzea eta elkar laguntza. Norberaren  errealitatetik abiatuz bakoitzaren egunerokoan subjektu aktibo eta eragile izateko gaitasuna lantzen da.

*Metodologia egokitu daiteke talde bakoitzaren izaeraren arabera.

 PREZIOA 150€ (BEZa salbuetsia)

Informazio gehiago ikusi