Euskaraldia 2020

Euskaraldia 2. edizioa

 

“Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan” lelopean Euskaraldiaren bigarren edizioak hainbat berritasun izango ditu

 

Herritarren ariketa, baina taldeko kutsu nabarmenagoa izango du 2020ko Euskaraldiak. Aurtengo edizioak egun gehiago izango ditu. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra hizkuntza-ohiturak astintzeko ariketa burutuko da Euskal Herri osoko ahobizi eta belarriprest-ek.

Aurrekoaren ildotik, ahobizi eta belarriprest rolak izango ditu ardatz, herritarrek rol bat edo beste hartu ahal izango dute, baina bada berritasun bat: ariketa taldean egiteko modua. Arigune kontzeptua da nobedadea: euskaraz eroso jarduteko espazioak dira. Entitateen barruan egon litezke —langile taldeetan, adibidez—, edo kanpoan —herritarrei begirako zerbitzuetan—. Finean, beraz, herritar norbanakoek ez ezik, entitateek ere izango dute lekua bigarren Euskaraldian.

 

Mota guztietako entitateek hartu ahal izango dute parte (erakunde publikoak, gizarte eragileak, enpresak, kooperatibak, kultur eta kirol elkarteak, eta abar), ariguneren bat badute. Ariguneek, edo euskaraz aritzeko guneek, euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan entitate barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean. Talde hauetako kideek ahobizi eta belarriprest modura jardungo dute Euskaraldiak iraungo duen 15 egunetan, baina ariketa modu kolektiboan gauzatuko dute ariguneetan. Hala, bi motako ariguneak bereizten ditugu:

Barne-ariguneak

Entitate baten baitan ohiko dinamika duten eta kide guztiek gutxienez euskara ulertzen duten taldeak dira. Entitate motaren arabera, ohiko funtzionamendua duten talde horiek askotarikoak izan daitezke (sailak, atalak, ekipoak, sekzioak, zerbitzuak, taldeak…). Talde honetako kideek barne-arigunea osatzea erabakitzen dutenean modu kolektibo batean euren arteko hizkuntza-ohiturak aldatzeko aurrera pausoak ematea adostuko dute. Arigunea osatzeko beharrezkoa izango da taldeko kideen %80a gutxienez ados egotea. Ariguneetako kide bakoitzak erabakiko du ahobizi edo belarriprest moduan parte hartzea.

Kanpo-ariguneak 

Entitatean herritarrekiko harreman-espazioetan dauden pertsonek osatzen dute kanpo-arigunea, uneoro belarriprest edo ahobizi bat egongo dela bermatzen bada; hau da, herritarrek uneoro euskaraz artatuak izateko bermea badute. Horrelako espazioak izango dira jendaurreko edo harrera postuak, supermerkatuetako kutxak, telefono bidezko arreten arduradunak, tabernariak edo dendariak, besteak beste.